BAREALDI MAGIKOA

Oliverrek bizimodua aldatu nahi du. Lan-elkarrizketa batean, bere nagusi izango denak onddo haluzinogeno batzuk eskainiko dizkio. Hala, Oliver hasiko da ikusten etorkizunean ordenagailuaren aurrean lo geldituko dela, edota bezero batek mugikorrarekin burukadak ematen grabatuko duela. Oliverrek nahiko du bezeroak bideoa mugikorretik borratzea; bezeroak ez, ordea. Bi burugogorren borrokatik sortu da duintasuna eta bizitzaren zentzua bilatzeari buruzko istorio hau. Iniziazioko bidaia honek Afrikara eramango gaitu, elefante arrosetara, maitasunera, obsesiora, bizileku-bortxatzeetara, ehizako eskopetetara, alkoholera, traiziora, lapurtutako ametsetara eta bizitzako ura ematen duten iturburuetara. La calma mágica aitari eskaini diot, berarekin berriro hitz egin ahal izateko nahiari eta pertsonak betiko joan behar duten ideiaren ukoari. Tankera honetako istorioak gogora ekartzeak sortzen duen plazerari ere bai: gure aita, Texasen bizi zenean, bikote baten adiskide egin zen, seme bat galdu berria zuten arrantxo-jabeak ziren. Mutilak aitaren adin bertsua zuen, eta oso antzekoak ziren. Hain antzekoak zirenez, arrantxo-jabeek zera eskaini zioten, haiekin bizitzen gelditzen bazen, arrantxoa oinordetzan utziko ziotela. Uste dut nire pertsonaiei Mishimaren pertsonaiari gertatzen zaion bera gertatzen zaiela eta, «denborak aurrera egin ahala, ametsek eta errealitateak balio bera hartzen dute oroitzapenen artean. Errealitatean gertatzen den guztia gerta zitekeenarekin nahasten da. Eta, errealitateak azkar uzten dienez tokia ametsei, iraganak etorkizunaren gero eta antz handiagoa hartzen du».

 

 

 

BAREALDI MAGIKOA